EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO 25. EGUNA

2024ko azaroak 25

NOÁIN

Foto evento

    Noain Eskualdeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren Berdintasun Programatik, azaroaren 25aren inguruan, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren inguruan, Mankomunitateko udalerrietan antolatutako ekitaldi eta jardueretan parte hartzera animatzen zaituztegu.

     

    Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako
    nazioarteko eguna.
    Ez da antzerkia, indarkeria bikarioa da.

    Dokumentu honetan Nafarroako toki eta lurralde entitateok emakumeen kontrako indarkeriari buruzko gure iritzia eman nahi dugu.

    Nafarroako toki eta lurralde entitateak Nafarroako gai publikoak kudeatzen dituzten erakundeak dira, adibidez, udalak.

    Dokumentu hau azaroaren 25erako idatzi dugu. Azaroaren 25ean Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna da.

    Nafarroako toki eta lurralde entitateak emakumeen kontrako indarkeria matxistaren kontra gaude eta indarkeria mota hau zigortu behar dela uste dugu.

    Munduan indarkeriarik ez egotea eta emakumeak, haurrak eta neskatoak beldurrik gabe bizitzea nahi dugu. Aurten batez ere, indarkeria bikarioari buruz hitz egin nahi dugu. Indarkeria bikarioa gizon batek emakume bati min egiteko bere seme-alabak erasotzen dituenean da.

    Gizonak haur hauei min egiten die badakielako horrela emakumeak asko sufrituko duela.

    Indarkeria bikarioa matxismo modu oso larri bat da. Batzuetan, emakumeari min egiteko gizonak bere seme-alabak hiltzen ditu.

    Indarkeria mota honekin emakumeei eta haien seme-alabei min handia egiten zaie. Egiten zaien mina oso handia da eta askotan ez da inoiz desagertzen.

    Indarkeria bikarioan, erasotzaileak uste du seme-alabak ez direla amarengandik independenteak. Horregatik, badaki seme-alabei min egiten badie, emakumeari ere min egiten diola.

    Gainera, gizarteak indarkeria mota hau gertatzea ahalbidetzen du. Askotan gizarteak ez die sinesten indarkeria matxista mota hau jasaten duten emakumeei.

    Horregatik dokumentu honek honako izenburua du:
    Ez da antzerkia, indarkeria bikarioa da.

    Honek esan nahi du askotan gizarteak uste duela emakumeek indarkeria bikarioa sufritzen dutela diotenean arreta deitzeko egiten dutela eta antzerkia egiten ari direla.

    Hildako adingabeak amaren aurkako genero-indarkeria kasuetan Espainian izeneko txosten bat dago.

    Txosten honek dio 2013. urtetik 2024ra arte gizonek 63 seme-alaba hil dituztela haien amei min egiteko. Hildako haur hauek indarkeria bikarioaren biktimak dira.

    Badakigu 2024an jada 10 haur hil dituztela indarkeria bikarioagatik.

    Oso garrantzitsua da gai honekin zer gertatzen ari den ongi ulertzea eta egoera hau aldatzeko ekintza zehatzak martxan jartzea. Honi politikak aplikatzea esaten zaio.

    Ez dugu indarkeria bikarioaren biktima gehiago egotea nahi.

    Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Babesteko Lege Organikoak izeneko lege bat dugu.

    Lege honek dio indarkeria bikarioa jasan duten haurrek ezin direla berriz haien aitarekin elkartu.

    Baina badakigu hau oso kasu gutxitan betetzen dela. Askotan epaileek, emakumeen kontrako indarkeriarekin zerikusia duten erabakiak hartzerakoan, gizonari arrazoia ematen diote. Emakumeei gutxiago sinesten diete.

    Justiziak aurrerapenak egin ditu gai honetan baina oraindik asko falta da lege hau betetzeko.

    Indarkeria matxistaren biktimak babestu behar ditugu.

    Oso garrantzitsua da emakumeen aurkako indarkeria mota guztien aurka borrokatzea, adibidez:

    • Indarkeria bikarioa.
    • Indarkeria psikologikoa.
    • Manipulazioa, hau da, gizonak emakumea kontrolatzen duenean eta emakumeak gizonak nahi duena egiten duenean.
    • Indarkeria instituzionala. Adibidez, lanean emakumea diskriminatzen denean emakume izateagatik bakarrik.

    Nafarroako toki eta lurralde entitateok ere indarkeria matxista hau gehiago ez existitzeko eta emakumeak, umeak eta neskatoak bakean bizitzeko lan egin behar dugu.

    Erakunde hauetatik honako hau lortzeko lan egingo dugu:

    • Gizarteak indarkeria bikarioa zer den eta zein ondorio dituen jakitea.
    • Polizia, osasun arloko profesionalak eta beste profesional batzuk indarkeria bikarioaren kasuak detektatzeko formazioa izatea.
    • Indarkeria bikarioaren biktimak babestea eta behar duten laguntza ematea. Adibidez, laguntza psikologikoa, juridikoa edo soziala. Laguntza hauekin errazagoa egingo zaie aurrera egitea.
    • Indarkeria bikarioaren kasuren bat dagoenean, biktimak behar duen laguntza azkar ematea.
    • Berdintasuna hobetzeko politikak egitean, hau da, gizartean berdintasuna lantzen denean, indarkeria matxista kontuan hartzea.

    Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunean, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko eta batez ere, indarkeria bikariorik gabeko gizartea lortzeko lan egiteko konpromisoa hartzen dugu. Atsedenik hartu gabe lan egingo dugu emakume, haur eta neskato bakoitzak bakean, beldurrik gabe, askatasunez eta autonomia osoarekin bizitzeko .

     

    Azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguneko adierazpen Instituzionala
    EZ DA ANTZERKIA, INDARKERIA BIKARIOA DA

    Gaur, azaroak 25, Nafarroako toki eta lurralde entitateok, beste behin ere, emakumeen kontrako indarkeria matxista mota guztiak irmoki gaitzesten ditugula adierazi nahi dugu. Indarkeriarik gabeko mundu bat aldarrikatzen dugu, non emakumeak zein haurrak beldurrik gabe, mehatxurik gabe eta beren eskubideen berme osoarekin bizi ahalko diren. Aurten, indarkeria horren modu suntsitzaile eta krudelenetako batean jarri nahi dugu begirada: indarkeria bikarioan.

    Matxismoaren muturreko adierazpen bat da, eta emakumeak kaltetzea du helburu. Horretarako, erasotzaileak bere gertuko jendea erabiltzen du, batik bat seme-alabak, emakumeari ahalik eta kalte emozional handiena eragiteko. Indarkeria mota horrek aztarna ezabaezina uzten du jasaten dutenengan, eta, kasu askotan, neska-mutilen heriotza eragin dezake. Indarkeria mota horretan, agerian geratzen dira indarkeria matxistaren ezaugarri diren botere-dinamikak: erasotzaileek ez dituzte beren haurrak izaki independente gisa ikusten, bikotekideen gaineko kontrolaren hedapen gisa baizik. Are gehiago, indarkeria bikarioak emakumeak etengabe zalantzan jartzen dituen gizarte baten konplizitatea du, emakumeak agintetik kendu eta haien hitza zalantzan jartzen duena. Hori dela eta, leloak “Ez da antzerkia, indarkeria bikarioa da” dio.

    “Hildako adingabeak amaren aurkako genero-indarkeria kasuetan, Espainian” izenburuko txostenaren arabera, 2013tik 2024ko urriaren 14ra bitartean guraso biologikoek, bikotekideek edo amaren bikotekide ohiek hildako adingabeen behin-behineko datuen kopurua 63 da, % 49 neskak eta % 51 mutilak. 2024an 10 kasu zenbatu dira (6 neskato eta 4 mutiko), azken hamarkadako kopururik altuena. Horregatik, funtsezkoa da errealitate konplexu hori aztertzea eta politika zehatzak aplikatzea ahalbidetzen duten informazio sistemak bermatzea.

    Azken urteotan, kasu lazgarrien berri izan dugu, zeinetan adingabeak akabatu diren haien amak zigortzeko helburu hutsarekin. Ezin dugu onartu indarkeria bikarioaren biktima gehiago egotea; ezta adingabeen bizitza emakumeen aurkako indarkeria betikotzeko tresna bihurtzea ere.

    2021ean onartutako Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Babesteko Lege Organikoak arautzen duenez, adingabeko seme-alabak genero-indarkeria egoeran bizi direla adierazten duten zantzu sendoak daudenean, agintaritza judizialak, ofizioz edo alderdi batek eskatuta, indarkeriaren egileari eten egingo zaio bere mende dauden adingabeei egin beharreko bisita-araubidea. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren datuen arabera, 2022an, genero-indarkeria kasuetako % 8an baizik ez zen gurasoei bisita egiteko erregimena eten. Horren harira, NBEk Emakumearen Aurkako Indarkeriari buruz duen kontalari bereziak sarri defendatu du erabaki judizialek mesede egiten dietela gizonei. Izan ere, emakumeen testigantzak ez dira gizonenak bezain sinesgarriak, aurreiritziak, generoari lotutako estereotipoak eta joera diskriminatzaile patriarkala direla eta.

    Gure ustez, genero indarkeriaren arloan gure sistema juridikoan aurrerapen ukaezinak egin diren arren, arrakala handia dago oraindik Legearen eta haren aplikazio praktikoaren artean. Arazoaren larritasuna dela eta, premiazkoa da indarkeria matxistaren adierazpen horien biktimak babesteko sistemen funtzionamendua eraldatzea.

    Ezinbestekoa da gure politikak eta baliabideak indartzen jarraitzea indarkeria matxista mota guztiei aurre egiteko, baita ikusezinenei ere, indarkeria bikarioari, psikologikoari edo manipulazioari zein indarkeria instituzionalari. Emakumeek eta adingabeek bakean bizitzeko eskubidea dute, eta tokiko eta lurraldeko entitateek funtsezko erantzukizuna dugu alde horretatik. Ezin dugu beste alde batera begiratu; oinarrizko giza eskubideak urratzen dituen indarkeria hori prebenitzeko eta desagerrarazteko konpromiso irmoa eta kolektiboa hartu behar dugu .

    Hori dela eta, Nafarroako toki eta lurralde entitateetatik ondorengo konpromiso hauek hartu ditugu:

    1. Indarkeria bikarioari buruzko berariazko sentsibilizazio-kanpainak sustatzea, indarkeria-mota hori ikusarazteko eta herritarrak haren ondorio suntsitzaileen inguruan kontzientziatzeko.2. Toki- eta lurralde-entitateetan lan egiten duten profesionalen prestakuntza indartzea (poliziak, gizarte-zerbitzuak, hezkuntza, osasuna eta abar), indarkeria bikarioaren kasuak antzeman eta modu goiztiar eta eraginkorrean jokatu ahal izateko.
    3. Babes integraleko neurriak bultzatzea, emakumeentzako eta haien seme-alabentzako, dituzten beharrak kontuan hartuta: arlo psikologikoan, juridikoan zein sozialean baliabideak izan ditzaten bermatuz, eta erreparazioa eta autonomia ahalbidetuz.
    4. Herrialdeko Administrazioaren eta tokiko entitateen arteko ekintzak koordinatzea, indarkeria bikarioaren aurrean erantzun azkar eta eraginkorra bermatzeko, lege-hutsuneak saihestuz eta biktimen berehalako babesa bermatuz.
    5. Tokiko berdintasun politiketan indarkeria bikarioaren ikuspegia txertatzea, indarkeria matxista prebenitzeko eta desagerrarazteko ekintzetan zehar-lerro gisa egon dadin.

    Aurten, Azaroaren 25ean, berdintasunean oinarritutako jendarte justu bat eraikitzeko konpromisoa berresten dugu, emakumeen aurkako indarkeriarik eta indarkeria bikariorik onartuko ez duena. Eta lanean jarraituko dugu haur eta emakume guztiak, duintasunez, askatasunez eta autonomiaz bizi daitezen.

    Volver arriba